Nuria Alzaga, alkateordea eta Kultura delegatua, izan da garaipenaren berri eman duena. Alzagak azpimarratu du lehiaketa honen sendotasuna eta bizitasuna, 35 ediziora iristeak erakusten duen arrakasta, eta nabarmendu du "Adour-Bidasoa" lehiaketak Irunekin duen lotura berezia, mugaz gaindiko bokazioz jaio baitzen eta oraindik ere bi aldeetako kultura gune izaten jarraitzen baitu.
Delegatuak gaineratu duenez, lehiaketa honek "arrasto bat uzten du hirian edizio bakoitzean". Irabazitako lana udalerriko ondarearen parte izateaz gain, hautatutako lanak Amaia KZ-ko erakusketan ikusgai egongo dira, herritarrengana hurbilduz. "Kultura horrela eraikitzen da ere: ondarea sortuz, partekatuz eta haziz", adierazi du.
Alzaga zoriondu egin ditu Francisco Javier Garrido Romanos lehen sariaren irabazlea, gainerako saridunak eta finalista guztiak, baita parte hartu duten guztiei eskerrak eman ere. "35 ediziotara iristea eta proposamenak jasotzen jarraitzea, baita artista gazteen aldetik ere, albiste ona da eta animatu egiten gaitu lehiaketa hau zaintzen eta hazten jarraitzera", esan du.
Aurten, 40 lan aurkeztu dira, jatorri askotakoak: 27 Gipuzkoatik, 3 Euskadiko eta Nafarroako beste puntu batzuetatik, 4 Estatuko gainerako lurraldeetatik (Segovia, Valencia, La Rioja eta Málaga) eta 6 Frantziatik. Gainera, lau artista gaztek aurkeztutako lanak nabarmendu dira.
Lehiaketaren XXXV edizioko sariak honako hauek izan dira: lehen saria, 2.500 euro eta plaka, "La higuera" lanagatik ( Francisco Javier Garrido Romanos, Calahorra-koa); epaimahaiaren sari berezia, 500 euro eta plaka, "Zintzilik (470 manómetro)" lanagatik (Naiara Goikoetxea Guzmán, Hondarribia-koa); eta sari gaztea, 500 euro eta plaka, "Pétalo" lanagatik (Nerea Iridoy Silvo, Hondarribia-koa).
Finalisten artean, diploma jaso dute Emilio Martínez Navascues (Irun), Eduardo Larrasa Espino (Hondarribia) eta Sofía Arostegi Parra (Hernani) artistek.
Erakusketa irailaren 11n, ostirala, 19:00etan zabalduko da Amaia KZ-ko erakusketa aretoan, eta urriaren 4ra arte egongo da ikusgai, astearte-larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Astelehenetan itxita egongo da.




