2026ko apirilaren 14an egindako agerraldian, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Trebiñuko herritarrek azpimarratu dute Gaztela eta Leongo Administrazioak betebeharra duela euskaraz ikasteko eta irakasteko eskubidea bermatzeko neurriak hartzeko. Kezka agertu dute lurraldean euskaraz irakatsi ahal izateko administrazioaren aldetik izaten ari diren oztopoengatik.
Horren adierazgarri da haur eskolako euskarazko lerroa, Trebiñun euskaraz ematen den bakarra, arriskuan dagoela, eskumenak Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sailak hartu ondoren. June Astegietak, herritarren izenean, adierazi duenez, "printzipioz lerroa mantentzen den arren, ez dakigu etorkizunean nola eragin diezaiokeen honek guztiak haur eskolako euskararen irakaskuntzari".
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak gogorarazi du Espainiako Gobernuak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna sinatuta duela, eta horrek dakarren konpromisoa Gaztela eta Leongo Administrazioek ere bete beharko luketela. Gutun horren arabera, gobernuak "betebeharra" du euskararen irakaskuntza sustatu eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Europako Kontseiluak hainbat gomendio eman zizkion Espainiako Gobernuari, besteak beste, euskararen egoera argitzea Gaztela eta Leongo erkidegoan, eta Trebiñuko udalarekin eta erkidegoarekin batera euskararen irakaskuntza sustatzeko plan bat osatzea. Hala ere, 2021ean epaitegiek baliogabetu egin zituzten lurraldean indarrean zeuden euskara planak, Gaztela eta Leonen hizkuntza ez dela ofiziala argudiatuz.
Administrazioei eskatu diete hartutako konpromisoak betetzeko, euskara sustatzeko ekimenak bultzatzeko eta haur eskolan euskara irakasteko "behar diren baliabide pertsonal zein material guztiak" bermatzeko.




