Espainiako Gobernuak urtarrilaren amaieran iragarritako neurriaren harira, apirilaren 16tik ekainaren 30era bitarte izan dute migratzaileek egoera irregularrean beren dokumentazioa bildu eta eskaera egiteko epea. Guztira, 64.317 pertsonak egin dute eskaera Hego Euskal Herrian.
Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak emandako datuen arabera, Bizkaian aurkeztu dira eskaera gehien, 28.834. Nafarroan 14.886 eta Gipuzkoan 12.063 izan dira, berriz, antzeko kopuruak. Araban erregistratu dira eskaera gutxien, 8.554.
Marisol Garmendia, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, adierazi du neurriak aukera emango diela pertsona askori beren egoera erregularizatu eta “duintasun handiagoz" bizitzeko, prozesua “beharrezkoa, bidezkoa eta gizatiarra” dela azpimarratuz.
Bestalde, Alicia Echeverría, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, prozesua “justizia sozialaren auzia” dela nabarmendu du, eskaera bakoitzaren atzean pertsona bat eta bere istorioa dagoela gaineratuz, eta eskubideak zein betebeharrak izango dituztela gogoraraziz.
Eskaera aurkezteko baldintzak betetzen zituzten urtarrilaren 1a baino lehenagotik modu irregularrean bizi zirenek eta gutxienez bost hilabetez Hego Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan bizi zirenek, baita aurretik asiloa eskatu eta aurrekari penalik ez zutenek ere. Bost hilabetez bertan bizi izan direla frogatzeko edozein dokumentu publiko, pribatu edo nahasketa bat aurkeztu behar izan dute.
Onartutako eskaerei esker, lan egiteko baimena eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea eskuratuko dute, baita Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere. Bizileku baimen hau urtebetekoa izango da, eta ondoren ohiko baimena eskatu ahal izango dute Atzerritarren Legeak ezarritakoaren arabera.




