LAB sindikatuak deituta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ko ikastoletako langileek ordubeteko lanuztea egin dute ostegun honetan, maiatzaren 21ean, 15:30etik 16:30era. Udarregi ikastolako langileak Agerialdeko atarian bildu dira, pankartak eskuetan hartuta, eta ondoren kotxe-karabana egin dute herrian zehar, beren aldarrikapenak ozen entzun daitezen.
Sindikatuak salatzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila "sinatuta dagoen Akordio Laborala betetzeari iskin egiten ari zaio". LABek eta langileek argi dute "sinatutakoa bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso osoa" dutela, eta "dagokiguna defendatuko" dutela iragarri dute.
“"Hezkuntza Saila sinatuta dagoen Akordio Laborala betetzeari iskin egiten ari zaio. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak eta langileok argi dugu: sinatutakoa bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso osoa dugu. Dagokiguna defendatuko dugu!"
LABetik gogorarazi dutenez, 2023ko akordio laboralean hainbat konpromiso jaso ziren, hala nola, ikastoletako langile guztien soldatak sare publikokoekin parekatzea 2027rako. Horrez gain, lan-baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatzea aurreikusten zen, bi sareen arteko baldintzak homologatzeko. Mahai honek 2025eko ekainerako amaitu behar zituen lanak, baina oraindik ez dago horren arrastorik.
Sindikatuak adierazi duenez, akordioan jasotako konpromisoak ez dira bete, eta salatzen du Hezkuntza Sailak ez diela aplikatu 2025 eta 2026ko soldata igoerak hainbat langile taldeari, hala nola Haur Hezkuntzako hezitzaileei, laguntzaile espezialistei, administrazioko langileei eta mantentze-lanetako eta garbiketako langileei, besteak beste.
LABek ikastolen elkarteari eskatu dio Hezkuntza Sailarekin dituen negoziazioetan gai hau jorratzeko, eta langileek beren kezka eta egoera bidegabe eta baztertzaile honi aurre egiteko prest daudela adierazi dute.




