Dulantzin hasi eta Gasteizen amaituko den bost eguneko ekimenak energia jasangarriarekin lotutako gaiak jorratuko ditu, aurreko edizioetan bezala. Solasaldiak eta bisitak antolatu dituzte, oporrak modu jasangarriagoan pasatzeko eta aztarna ekologiko txikiagoa duten bidaiak sustatzeko.
Udanbizi ekimenaren helburua da Goienerreko boluntario, bazkide eta jarraitzaileak elkartzea eta Euskal Herriko bazterrak bizikletaz ezagutzea. "Energia eredu jasangarri, justu eta demokratikoak sustatzeaz gain helburu sozialak, elkarlan bidezkoak eta herrigintzatik abiatutakoak bistaratzea du helburu", azaldu dute antolatzaileek.
Lehen etapan, Dulantzi eta Bernedo artean, Alaitzako elizako margoak eta Sabandoko biomasa galdara bisitatuko dituzte. Ondoren, Bernedotik Bastidara joango dira, eta bertan Erroiz olio errota eta Villabuenako upategi bat ezagutuko dituzte.
Uztailaren 16an, Bastidatik Gaubeara egingo dute salto, eta Salcedoko nekazari ekologikoekin eraldaketarako nekazaritza ezagutuko dute. Solariak Araban dituen makroproiektuez ere mintzatuko dira.
Hurrengo egunean, Gaubeatik abiatuta, Garoñako zentral nuklearraren eraispenaren egoera ezagutuko dute. Gastronomiaren alorrean, Arabako gari espezie zaharrekin egindako ogiak dastatu ahalko dituzte.
Azken etapan Gasteizera iritsiko dira, Gesaltza Añanako gatzagetan geldialdia egin ondoren. Udanbizi 2023az geroztik urtero antolatzen da, eta prestakuntza, eztabaida eta aisialdia uztartzen ditu.
Aurten ere plazak mugatuak dira, gehienez ere 40 txirrindulari inguru bildu ahal dira. Interesa dutenek Goiener elkartearen webgunean eman dezakete izena. Gogoa eta bizikleta egoki bat beharrezkoak dira parte hartzeko.




