Programa honek 16 eta 35 urte bitarteko sortzaileei zuzenduta dago, eta 4.000 euro arteko laguntzak eskaintzen ditu, baita aholkularitza profesionala ere sorkuntza prozesu osoan zehar. Proiektuek erabat euskaraz idatzita egon behar dute eta ahozko adierazpena izan behar dute ardatz nagusi, euskal kulturaren sustapenean laguntzeko helburuarekin.
Bi adin-kategoria ezarri dira: bata 16 eta 24 urte bitartekoentzat, eta bestea 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Proposamenak banaka edo taldean aurkez daitezke. Proiektuek euskal kulturari ekarpena egitea izan behar dute helburu, eta ahozko adierazpenarekin lotuta egon behar dute, hala nola antzerkia, musika, bakarrizketak, poesia, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak edo generoen nahasketa. Formatu txikiko jarduerak lehenetsiko dira.
Hautatutako proiektuek sei hilabeteko epea izango dute garatzeko, beka onartu ondoren, eta Udaleko Euskara eta Gazteria Zerbitzuek egingo dute jarraipena. Interesdunek Vitoria-Gasteizen edo Araban erroldatuta egon behar dute. Proposamenak San Martineko Bulego Teknikoetan, gizarte etxeetako Herritarrei Arreta Emateko Bulegoetan edo egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke. 18 urtetik beherako eskatzaileek gurasoen edo legezko tutorearen baimena beharko dute.
Guztira 20.000 euro banatuko dira beketan, eta programa Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin bultzatzen da. Aurreko edizioan 14 gaztek eta 11 proiektuk hartu zuten parte. 2025eko irabazleen lanak apirilaren 18tik irailera bitartean erakutsiko dira Vitoria-Gasteizko hainbat lekutan. Esaterako, Miren eta Itziar Uriarte ahizpek 'Bi Rotxa' podcasta aurkeztuko dute apirilaren 18an Baratza aretoan. Maiatzaren 17an, Aldabe Gizarte Etxean 'Kutxatu Gasteiz' ipuin eta abestien aurkezpena egingo da Mixa Utrerarekin. Ekainaren 20an, Jon Garridoren 'Garun Null' estreinatuko da Izaskun Arrue Kulturgunean, eta irailean Laura Meaberen 'Bizitza baten koplak' bakarrizketa. Laster iritsiko da Iker Claveroren 'Doluak' diskoa ere.




