Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak astelehen honetan onartu du 2019-2024 epeari dagokion otso iberikoari buruzko seiurteko txostena. Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Kataluniak testuaren kontra bozkatu dute. Gaztela-Mantxa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, berriz, abstenitu egin dira. Gainontzeko erkidego guztiek, Nafarroa barne, aldeko botoa eman dute.
Dokumentuak ondorioztatzen duenez, otsoaren populazioa "kontserbazio egoera onean" dago Espainian. Ondorio horrek espeziea "kontrolatzea" eta otsoa berriz ehizatzen hastea bermatuko luke.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak, bere aldetik, otsoa "egoera txarrean" dagoela defendatu du txosten alternatibo batean. Erkidegoen txostena "aldebakarreko balorazioa" dela argudiatu du, eta ez datorrela bat Europako Batzordearen irizpide metodologikoekin. Hala ere, ministerioak behartuta dago txosten ofiziala Europako Batzordera bidaltzera, behin betiko onar dezan.
WWF eta Ecologistas en Acción erakundeek, bestalde, deitoratu egin dute "bozketan irizpide alderdikoiek zientzialarien gainetik jarri izana".




