Aretxabaletako Udala k abuztuan egingo dituen jarduerak aurkeztu ditu, Mugikortasun Planaren barruan. Hobekuntza hauek behin-behinekoak izango dira hasieran, baina helburuak betetzen badira, behin betiko bihurtuko dira, datu objektiboetan oinarrituta.
Esku-hartzeen artean, 15 zebrabide hobetuko dira oinezkoen segurtasuna eta ikusgarritasuna handitzeko. Horrez gain, 44 aparkaleku berri sortuko dira galtzen direnak konpentsatzeko, bizilagunen eta merkatarien beharrei erantzunez.
Bizikletaren erabilera sustatzeko, Mitarte kaletik kiroldegiraino doan 500 metroko erreian bizikletentzako lehentasuna izango duen bidea ezarriko da, bi noranzkoetan.
Araba Ibilbidea n ere aldaketak izango dira. Nabarmenena Iralabarri plaza parean izango da, zati hori norabide bakarreko bide bihurtuko baita. Horrek Belorrieta auzoko U itxurako bidea oinezkoentzat bihurtuko du, eta bertako aparkalekuak Araba Ibilbidean kokatuko dira. Gainera, Belorrieta eta Iralabarri lotzen dituen zebrabide berri bat sortuko da, herritarren eskaerei erantzunez, Ion Albizu, Hirigintza zinegotziak azaldu duenez.
Araba Ibilbidean bertan, Loramendi eta Bainuetxe poligonoa lotzen dituen bidegurutzean ere moldaketak egingo dira, oinezkoen ibilbideak motzagoak egiteko eta ibilgailuen segurtasuna hobetzeko. Beste bidegurutze eta zebrabide batzuetan ere ikusgarritasuna eta segurtasuna handituko dira.
Basabeazpiko igoerari dagokionez, bide horrek ez du irteerarik izango goiko partean, bertako zebrabidea autoendako itxita egongo baita. Sartu-irtenak behealdetik egin beharko dira, aparkalekuan sartzeko edo aparkatzeko.
Belorrietako bidea, Pausoka parekoa, norabide bakarrekoa izango da Arrasatetik Eskoriatzarantz, egungo zirkulazioaren %6 bakarrik baitoa beheranzko norabidean. Aldaketa honekin, aparkaleku berriak sortzeko aukera egongo dela eta zigi-zaga bat sortuko dela gaineratu du Albizuk, abiadura murrizteko helburuarekin.
Txarapeako hiru bidegurutzeetan estu-uneak sortuko dira abiadura murrizteko.
Udalak azpimarratu du esku-hartze hauen bidez hiru helburu nagusi lortu nahi direla: segurtasuna irabazi, Aretxabaleta osasuntsuagoa izan eta bizigarriagoa bihurtu, oinezkoentzat, bizikletentzat eta ibilgailuentzat.




