Aurtengo edizioa, seigarrena Amurrion, Aresketa ikastolak antolatu du "Taupadak berpiztu!" lelopean. Hiru gune nagusi prestatu dira herriaren erdi-erdian eta Refor inguruan, eta familiek berdeguneak eta itzalak bete dituzte, izan ere, goizean Araban 30 gradutik gorako tenperaturak izan dira.
Eguerdira arte, txikienek izan dute protagonismo nagusia, haientzat prestatutako kultur ekitaldi, tailer eta jolas ugari izan baitira gune desberdinetan. Besteak beste, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna, Kirikiño taldearen eskutik egindako tailerrak eta puzgarriak eskaini dira. Arratsaldean, berriz, EH Sukarra, Akerbeltz eta Nafarroa 1512 bezalako taldeen kontzertuek girotu dute jaia.
Ekitaldiak babes instituzional, politiko eta sozial zabala izan du. Bertan izan dira Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea, baita beste alderdi batzuetako ordezkari politikoak eta euskalgintzako eragileak ere.
Josu Barrenengoak, Aresketa Ikastolako lehendakariak, auzolanaren eta komunitatearen indarra azpimarratu ditu, eta inklusioaren garrantzia nabarmendu du. "Euskara da herri kohesiorako eta gizarte joskintzarako gure lehengai nagusia, etorkizun partekatu bat eraikitzeko zubia", adierazi du.
Unai Mendizabal, Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakaria, Iruñean egin zen Euskaldunon Martxa gogora ekarri du. Herritarren euskalduntzean aurrerapauso handia eman dela aitortu arren, "erabileraren atzerakadaren eta euskararen aurkako erasoen aurrean erantzun bateratua emateko garaia" dela azpimarratu du.
Gainera, iragarri dute Araba Euskaraz jaia Trebiñura itzuliko dela 2027an. Gaurko ekitaldian, lekukoa Argantzon ikastolari eman diote, eta haien ordezkariak izan dira lekukoa jasotzen. "Euskara ofiziala ez den Arabako kuadrilla honetan ikastolak haurrak euskaraz hezteko duen funtsezko eginkizuna" azpimarratu dute.




