Bilbon inauguratu dute "Intsektuak. Kontatzen duten guztia" erakusketa, intsektuen aparteko aniztasuna publikoari hurbiltzeko helburuarekin. Animalia-talde honek ezagutzen diren espezie guztien artean %60 eta %70 artean biltzen ditu. Jarduera hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedra k eta Nafarroako Unibertsitatearen Zientziak Museoa k antolatu dute.
Erakusketak intsektuen biologia, portaera eta ekologia aztertzeaz gain, elikadura-katean eta ekosistemen orekan duten funtsezko egitekoa nabarmentzen du. Bisitariek erleen, kakalardoen, tximeleten, eulien, inurrien eta burruntzien forma eta koloreak ezagutu ahal izango dituzte, baita uretan, airean, basoetan edo labore-lurretan bizitzeko garatu dituzten egokitzapen konplexuak ere.
Bizkaia Aretoa-EHUko Axular erakusgelan egongo da ikusgai irailaren 19tik urriaren 4ra. Sarrera doakoa da. Ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Urriaren 4an, erakusketa ixteko, Sergi Romeu entomologoak tailer bat eskainiko du.
Erakusketa publiko guztiarentzat diseinatu da, bereziki kontuan hartuta ikastetxeak eta familiak. Informazio-panelak, proiekzioak, terrarioak eta elementu interaktiboak uztartzen ditu. Gainera, irakurketa errazeko testuak, kontraste eta kolore egokituak dituzten irudiak, azpitituludun ikus-entzunezkoak, braillezko liburuxkak eta ukitzeko moduko 3D elementuak eskaintzen ditu, irisgarritasuna bermatzeko.
Jarduera hau Bilbo Zientzia Plaza (BZP) 2026 festibalaren baitan kokatzen da. Festibalak zientziaz beteko du Bilbo irailaren 16tik urriaren 4ra bitartean, hitzaldi, erakusketa eta tailerren bidez.




