Lezoko Mendekoste jaiak hasiera eman zitzaien ostiralean Zabarre pirata eta Maria Labaienen etorrerarekin. Beroak ez zuen herritarren gogoa eten, eta portua jendez bete zen bikotea eta haren tripulazioa ongietorrian hartzeko. Adin guztietako jendeak bat egin zuen jai giroa lehen unetik piztuz.
Zabarre iritsi zain, Perutxo Frantziako erregearen ordezkaria ere bertan zen. Urtero legez, honek Maria Labaienen sagardoa konfiskatu zuen. Plazan borroka antzeztu ondoren, eta frantses soldaduak eta Perutxo atxilotu ostean, Zabarrek sagardoa bere etsaiari banatzea proposatu zion, eta gatazka dantza batekin amaitu zen. Kondairaren eta herri-antzerkiaren arteko kontakizun honek portua hartu du, eta Lezoko iruditeria kolektiboaren parte bihurtu da.
Jaiak igandera arte luzatuko dira, eta guztira 25etik gora ekitaldi eta jarduera izango dira. Lezoko Udalaren eta herriko eragileen elkarlanari esker, musika, kale animazioa, antzerkia, haurrentzako ikuskizunak eta ohiko herri-jokoak izango dira egitarauaren ardatzak.
Igandean, jaietako azken egunean, goizean goizetik hasiko da mugimendua 09:30ean eskualdeko dultzaineroekin egingo den dianarekin. Ordubete geroago, Karlos Saldise plazan gazte sortzaileen azoka zabalduko dute, eta aldi berean, Goiko Plazan toka, igela eta bote jokoak izango dira. Eguerdi partean, 11:30ean, Gurutze Santuaren plazan Alaia galtzagorria txotxongilo emanaldia izango da, eta 12:30ean erraldoi eta buruhandien kalejirak herriko kaleak girotuko ditu. Arratsaldean, 17:00etan, Gurutze Santuaren plazatik abiatuta, Altxorraren bila jarduera egingo dute, parte-hartzaileak pirataz mozorrotuta. Egunari amaiera emateko, 19:00etan Eraitsi SL kale antzerkia eskainiko dute Goiko Plazan, eta 21:30ean zezen-suzkoarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak Gurutze Santuaren plazan.




