EAJ-PNV udal taldeak kezka agertu du Bergararen azken urteetako bilakaera ekonomikoaz eta «atzean geratzeko» arriskua ohartarazi du, inbertsioa erakartzeko, enplegu kualifikatua sortzeko eta herritarrei etorkizuneko aukerak eskaintzeko neurri «ambiziosoak» hartzen ez badira. Jeltzaleen ustez, Bergarak «bultzada ekonomikoa berreskuratu eta erakargarritasuna berreskuratu behar du inbertsiorako eta jarduera enpresariala sortzeko udal gisa».
Taldeak gogorarazi duenez, jarduera ekonomikora bideratutako lurzoruaren «erdiak baino gehiago» ez dago garatuta oraindik, eta horrek hazkunde eta enplegu aukerak mugatzen dituela adierazi du. «Bergararrok gure bizi proiektua Bergaran garatu nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko lan aukerak, gure udalerriaren aldeko apustua egiten duten enpresak eta garapen ekonomikorako estrategia argia izatea», adierazi du Kepa Sebal Lazpiur bozeramaileak.
PNVk salatu du inbertsio eta enpresa berriak erakartzea «lehentasuna» izan beharko litzatekeela edozein udal gobernuentzat, baina «ez da EH Bilduren egungo Gobernuaren kezka nagusien artean».
Gainera, nabarmendu dute biztanleriaren zati bat «egunero joan-etorrian ibiltzera behartuta» dagoela udalerriaz kanpora, beren prestakuntza eta kualifikazio profesionalari dagozkion lanpostuetara iristeko, eta horrek «kontziliazioari eta bizi kalitateari eragiten dio».
«Ez al litzateke logikoagoa izango talentua Bergaran gera dadin apustu irmoa egitea? Gure udalerriak baliabideak, kokapena eta jarduera ekonomikoa erakartzeko gaitasuna ditu, baina horretarako lidergo politikoa, plangintza eta anbizioa behar dira», gaineratu du Sebalek.
Jeltzaleek azaldu dutenez, jarduera ekonomikora zuzendutako lurzoruaren %54 hutsik dago, eta horrek enpresa-ekimen berriak bultzatzeko dagoen hobekuntza-marjaren adierazgarri dela interpretatzen dute. Era berean, enpresa berrien sorrera-tasa Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik dagoela (%3,53, %5,96ren aurrean), eta horrek «lurralde osoarekiko dinamismo ekonomiko txikiagoa» erakusten duela iritzita.
Egoera honi, inguruko udalerriekiko adierazle ekonomikoetan dagoen aldea gehitzen zaio. PNVk emandako datuen arabera, Bergarako biztanleko BPGa 45.141 eurokoa da, Arrasaten berriz, 53.249 eurokoa, «pertsona bakoitzeko 8.000 eurotik gorako aldea».
«Datu hauek ez dira estatistika soilak. Haien atzean galtzen diren aukerak, alde egiten duen talentua eta Bergaratik kanpo garatu behar diren bizi proiektuak daude. Gure udalerriak etorkizunari begiratzen dion eta datozen belaunaldientzako ongizatea sortzen duen estrategia ekonomiko anbiziotsua merezi du», defendatu du bozeramaile jeltzaleak.
Horregatik, talde jeltzaleak «ibilbide orri argia» eskatzen du jarduera ekonomikoa bultzatzeko, enpresa berriak erakartzeko, erabilgarri dagoen lurzorua aprobetxatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko, «Bergarak lehiakortasuna berreskuratu eta bere bizilagunei aukera gehiago eskain diezazkion».




